TAIZÉ

2006

Amaitu gabeko gutuna

 
Hil zen arratsaldean, abuztuaren 16an, Roger anaiak anaia bati deitu eta esan zion: «Idatzi ondo hitz hauek!» Isilik geratu zen denbora luzean, bere pentsamendua nola jarri asmatu bitartean. Eta hala hasi zen: «Gure elkarteak giza familian ... eman eta zabaltzeko aukerak sortzen dituen heinean...» Eta gelditu egin zen. Arnas estuak ez zion uzten esaldia amaitzen.

Hitz horietan dago bere baitako grina, zahartuta ere. Zer esan nahi zuen «eman eta zabaldu» esamoldearekin? Ziurrenik, honako hau: ahal den guztia egitea jende orok errazago antzeman dezan Jainkoak inor baztertu gabe pertsona bakoitzari, herri orori dion maitasuna. Bere nahia zen gure elkarte txiki honek bere bizitzaren bidez misterio hau argitzea, besteekiko konpromiso apalean. Beraz, guk, anaiok, desafio horri heldu nahi genioke lurrean bakea biltzen dutenekin batera. Bere heriotzaren aurreko asteetan hasita zegoen Milango topaketan argitaratuko zuten gutuna hausnartzen. Adierazia zuen berriro hartu eta landu nahi zituen zenbait gai eta testu. Bildu egin ditugu, ordu hartan zeuden bezala, «Amaitu gabeko gutuna» eratuz. 57 hizkuntzetan jarri dugu. Berau Roger anaiaren azken hitzaren gisako zerbait da. Lagun egingo digu Jainkoak «zabalagotu digun bidean» (Salmoa 18,37) aurrera egiten.

Amaitu gabeko gutun hau Tazien asterik aste eta kontinente desberdinetako beste lekuetan 2006ko topaketetan gogoetatuz, bakoitzak ikusiko du nola bukatu bere bizitzan.

Alois anaia.

«Bakea, neure bakea, ematen dizuet» [1] : Zein da Jainkoak ematen duen bake hau?

Barruko bakea, ezer baino lehen, bihotzaren bakea da. Munduari itxaropenez begiratzen laguntzen digun bakea da, baita indarkeriak eta gatazkek urratua dagoenean ere.

Jainkoaren bake hau laguntza bat ere bada guk geuk lagundu dezagun, apaltasun osoz, bakea eraikitzen kolokan dagoen tokian.

Premia-premiazkoa da mundu mailako bakea sufrimenduak arintzeko, bereziki gaurko eta biharko haurrek ez dezaten angustiaren eta segurtasun ezaren ikara ezagutu.

Bere Ebanjelioan, intuizio bizi batez, San Joanek hiru hitzetan adierazten du Jainkoa nor den: «Jainkoa maitasuna da» [2]. Soilik hiru hitz horiek konprenituko bagenitu, urrun helduko ginateke, oso urrun.

Zerk harrapatzen gaitu hiru hitz horietan? Beroietan egia argi hau aurkitzea: Jainkoak ez zuen Kristo mundura bidali inor gaitzesteko, baizik eta gizon-emakume orok jakin dezan maitatua dela eta Jainkoarekin bat egiteko bidea aurki ahal dezan.

Zergatik batzuk maitasun baten harridurak miretsirik geratzen dira eta maitatuak direla aitortzen dute, baita beteta daudela ere? Eta beste batzuk, ordea, zergatik nabari dute gutxi aintzat hartuak direla?
Bakoitzak konprenituko balu: Jainkoa gurekin dugu gure bakardaderik sakonenetan ere. Bakoitzari esaten dio: «Preziatua zara niretzat, biziki estimatzen zaitut, eta maite zaitut» [3]. Bai, Jainkoak ez dezake bere maitasuna eman besterik egin. Horra hor Ebanjelioa oso-osorik.

Jainkoak eskatzen eta eskaintzen diguna da beste gabe har dezagula bere neurrigabeko errukia.

Jainkoak maite gaituela, batzuetan iritsi gaitza gertatzen den errealitatea da. Baina bere maitasuna funtsean barkamena dela deskubritzen dugunean, gure bihotza baketu egiten da, eta aldatu ere bai.

Eta hona gu hemen, Jainkoagan bihotza estutzen duena ahazteko gai: hor dago bihozkada baten freskotasuna berriro topatzeko iturria.

Nahikoa jabetzen ote gara? Halako uste ona Jainkoak ematen digu. Berak dei bat du gutako bakoitzarentzat. Zer dei? Berak maite gaituen bezala maitatzera deitzen gaitu. Eta ez da maitasun sakonagorik norbere burua, Jainkoarentzat eta besteentzat ematea baino.

Jainkoagandik bizi denak maitatzea aukeratzen du. Eta maitatzea erabakitzen duen bihotzak neurrigabeko ontasuna zabal dezake. [4]

Uste onean maitatzea bilatzen duenarentzat, bizitza edertasun barez betetzen da.

Maitatzea aukeratu eta bere bizitzarekin adieraztea hautatzen duenari, mundu honetako auzirik zorrotzenetako baten galdera sortuko zaio: nola arindu hurbileko edo urrutikoen minak eta saminak?

Baina, zer da maitatzea? Zapal-zapal eginda daudenen sufrimenduekin bat egitea ote da? Bai, horixe da.

Neurrigabeko bihotz ona izatea ote, besteengatik norbere buruaz ahaztea ote da, ordainetan ezer espero gabe? Bai, zinez hala da.

Are gehiago: zer da maitatzea? Maitatzea barkatzea da, bakeak eginda, adiskidetuta bizitzea. [5] Eta bakeak egitea beti izan ohi da arimaren udaberria.

Jaio nintzen mendialdeko herrixkan, gure etxetik oso gertu familia handi bat bizi zen, behartsua oso. Ama hila zen. Umeetako bat, ni baino gaztexeagoa, sarri etortzen zen gurera. Gure ama berea balu bezala maite zuen. Egun batean jakin zuen bazihoazela herritik eta, beretzat, alde egitea ez zen erraza. Nola goxatu bost edo sei urteko mutiko bat? Banaketa hura neurtzeko behar zuen ikuspegia falta balu bezala zen.

Hil baino lehentxeago, Kristok beratarrei ziurtatzen die kontsolamendua emango dien norbait hartuko dutela: Espiritu Santua bidaliko diela, beraientzat euskarri eta kontsolamendu, beti beraiekin izango dutena. [6]

Bakoitzaren bihotzean gaur ere honela xuxurlatzen du: «Ez zaitut inoiz bakarrik utziko, Espiritu Santua bidaliko dizut. Etsipenaren hondoan itota bazaude ere, ni zugandik hurbil naukazu».

Espiritu Santuaren kontsolamendua hartzea zera da: gure burua, bakean eta isiltasunean, Espiritu Santuaren baitan uztea. Orduan, gertaera larriak jazo arren, gainditu halakoak dira.

Baina kontsolamenduaren beharra izateko bezain ahul ote gara, gero?

Guztioi iristen zaigu froga pertsonalen batek edo besteen saminak astintzen gaituen okasioren bat. Honek fedea ikara batean utzi dezake eta itxaropena itzali. Fedearen konfidantza eta bihotzaren bakea berriro aurkitzeak, nork bere buruarekin pazientzia izatea eskatzen du batzuetan.

Bada min bat bereziki penatzen gaituena: gertuko norbaitek heriotza, mundu honetan ibiltzeko beharrezkoa dugun norbaiten heriotza. Baina hara non halako froga batek antzaldaketa bat ezagutu dezakeen. Orduan, honek komunio bat, bat egite bat, irekitzen du.

Penaz leherturik dagoenari, Ebanjelioaren poza eman dakioke. Jainkoa dator giza minaren misterioa argitzera. Hain dator Jainkoa gugana gure minaren erdian, bere barne-barnean hartu eta guzti egiten baikaitu.

Hala, itxaropen bide batean kokatuak aurkitzen gara. Jainkoak ez gaitu bakarrik uzten. Komunio baterantz joatea zaigu ematen. Maitasun-komunioa Eliza da, aldi berean hain misteriotsu eta hain beharrezko...

Komunioaren Kristoak [7] kontsolamenduaren dohain bikain hori ematen digu.

Eliza, barkamena, errukia emanez, gizon-emakumeen bihotzak sendatzeko gai den heinean, orduan errazten du Kristorekin bategite betea, komunio osoa.

Eliza maitatzeko eta gizon-emakume ororen misterioa konprenitzeko prest dagoenean, asper gabe entzuten duenean, kontsolatzen eta sendatzen duenean, bere onena izatera iristen da: komunio baten ispilu garbia.

Adiskidetzea eta bakea bilatzeak norbere baitan borroka esan nahi du. Hau ez da erraztasun bidea. Irauten duenik ez da ezer, erraztasunean eraikitzen denik. Komuniozko espiritua ez da inozoa, bihotzaren ugaritzea da, ontasun sakona, ez du belarririk susmoentzat.

Komunioaren eramaile izateko, gure bizialdi bakoitzean, beti berritutako konfidantzan eta bihotzaren ontasunean barna joango gara?

Bide honetan barna sarri huts egingo dugu. Izan dezagun gogoan bakearen eta batasunaren iturria Jainkoagan dagoela. Atsekabetu beharrean, Espiritu Santuari dei egingo diogu gure ahulerien gainetik.

Eta, bizitza osoan zehar, Espiritu Santuak emango digu bideari berriro ekin eta aurrera egitea, behin eta berriro abiatuz, bakezko etorkizunerantz. [8]

«Gure elkarteak giza familian ... eman eta zabaltzeko aukerak sortzen dituen heinean...»

Last updated: 2006-ko martxoaren 20a

Oharrak

[1Joan 14,27.

[2I Joan 4,8.

[3Isaias 43,4.

[4Gazteen kontzilioaren hasieran, 1974ean, Roger anaiak esan zuen: «Maitasunik gabe, zertarako bizi? Zergatik bizitzen jarraitu? Zertarako? Horra hor gure bizitzaren zentzua: maitatuak izatea beti eta betierean, hala gu ere maitasunez hiltzeraino. Bai, zorionekoa maitez hiltzen dena». Maitez hiltzeak esan nahi du, beretzat, azkeneraino maitatzea.

[5«Adiskidetuta bizitzea»: Pressens-tu un bonheur? bere liburuan, hil baino hamabost egun lehenago argitaratua, Roger anaiak beste behin azaltzen du zer esan nahi duten beretzat hitz horiek: «Esan al dezaket hemen amaren aldeko nire amonak intuizioz bokazio ekumenikoaren giltzarri bat bezalakoa deskubritu zuela eta berak ireki zidala zehaztapen-bide bat? Lehen Mundu Gerraren ondoren, berak bizi izan zuena inork inoiz ez bizitzea zen bere grina: kristauak Europan gerra batean borrokan, kristauek bederen egin ditzatela bakeak beste gerrarik izan ez dadin ahalegintzeko, pentsatzen zuen berak. Amonak erro ebanjelikoak zituen, aintzinakoak, baina, bere baitan adiskidetze bat burutuz, eliza katolikorantz abiatu zen, horregatik beratarrekiko harremanen urraketarik adierazi gabe. Nik, artean gazte nintzela, amonaren bizitzaren lekukotasunak ukituta, berari jarraitzean, neure kristau-nortasuna aurkitu nuen, nigan nire jatorrizko fedea fede katolikoaren misterioarekin adiskidetu ondoren, komunioa inorekin hautsi gabe».

[6Joan 14,18 eta 16,7.

[7«Komunioaren Kristoa»: Roger anaiak erabili zuen esamolde hau Joan Paulo II.a aita santua Taizen hartu zuenean, 1986ko urrian: «Nire anaiekin, guk egunero espero izaten duguna da gazte bakoitzak Kristo deskubritzea; ez bakarka hartutako Kristoa baizik eta «Komunioaren Kristoa», bete-beteko komunio misterioan dagoena, alegia, bere Gorputzean, Elizan. Han hainbat gaztek aurki dezake beren bizitza osoa azkenera arte engaiatzeko gunea. Han dute behar duten guztia konfidantza-gile, bakegile izatera iristeko, ez euren artean bakarrik baizik belaunaldi guztien artean, zaharrenetatik haurretaraino. Taizeko gure elkartean, «Komunioaren Kristoari» jarraitzea erretzen gaituen su baten antzekoa da. Munduaren azken porturaino joateko prest geundeke bideak bilatzeko, eskatzeko, deitzeko, behar balitz erregutzeko ere bai, baina inoiz ez kanpotik, baizik beti komunio bakar honen barruan jarraituz: Elizan».

[8Azken lau paragrafo hauek Roger anaiak, 2004ko abenduan, Lisboako topaketaren amaieran esandakoak dira hitzez hitz. Jendaurrean esan zituen azken hitzak dira.